XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erreserba natural handietan edo Ozeano Bareko koral-irla isolatuetan, ehiztaririk, arrantzalerik, Mediterraneo klubik edo saio nuklearrik ez den lekuetan, animalia berriek ez digute beldurrik. Askotan haiengan hurbildu eta ez dute ihes egiten. Gizakiak harraparitzarako duen ahalmen izugarriaz jabetzen direnean baino ez dira gure beldur izaten.

Talde gutxi-asko estuetan bizi direnek ulertu egiten dute kide batek igorritako alarma-seinalea eta berehala ezkutatzen dira beren lurraldeko zokoetan. Bestela defentsarako prestatzen dira. Kasu batzuetan seinale optikoek ematen dute abisua: Ipar Amerikako antilopea arriskutan denean, atzeko ile zuriak laztu egiten zaizkio.

Horrela gainerako antilopeek arriskuaren berri izaten dute. Itsasoko animaliengan, urak igorritako seinale kimiko ugari izaten da. Maskor bati itsasoko dortokak erasotzen dionean, substantzia kimiko bat jariatzen du eta gainerako maskorrek ihes egiten dute. Gauza bera gertatzen zaio zauritutako lutxoari.

Oro har, alarma-seinalea lehenbizi igorlearen espezie bereko animaliek ulertzen dute, baina inguruko beste espezie batzuek ere jaso dezakete. Igorlearengandik filogenetika-distantzia zenbat eta handiagoa izan, eraginkortasuna hainbat eta txikiagoa da.

Talde batzuetatik aurrera berriz, ez da inolako mekanismorik aktibatzen, substantziaren kontzentrazioa edozein izan arren. Seinale kimiko horiek garrantzi handia dute ur gezatan, seinale optikoari iragaten uzteko askotan uherra eta oztopoz betea egoten delako. Dena den, itsasoko espezieentzat seinale optikoak dira garrantzitsuak, urrutira ikus dezaketelako.